Azala » KOMUNIKAZIOA » Proiektuak » NAZIOARTEKO PROIEKTUAK

NAZIOARTEKO PROIEKTUAK

Azken urteotan Politeknika Ikastegia Txorierrik nazioartekotzearen aldeko apustua egin du, beste europar herrialdeetan zer gertatzen den jakiteko eta nazioarteko ekimenetan eta proiektuetan parte hartu ahal izateko. Ildo horretatik hurrengo proiektu hauetan hartzen dugu parte:

GLOBALTRAINING Bekak, Lanbide Heziketako Goi Mailako TITULATUENTZAT.

Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailak sustatutako Beka-programa honek EAEKo gazteen nazioz gaindiko mugikortasuna bultzatzen du, beren profil akademikoarekin zerikusia duten jarduerak eta proiektuak gauzatzeko xedez, atzerriko enpresa/erakundetan.

Beka horien kudeaketa nazioarteko proiektuetan esperientzia frogatua duten hainbat erakunderen homologazioaren bitartez egiten da. Hala, horien artean daude EHU, Deustuko eta Mondragon Unibertsitateak, hiru Merkataritza Ganberak, Novia Salcedo Fundazioa, Confebask, Garapen eta Donostiako Sustapena.

Proiektuaren eragilea HETEL da, eta Politeknika Ikastegia Txorierri leihatila bakarra da, hau da, bera da aitortza duen bakarra goi mailako Lanbide Heziketako ikasketak amaitu dituzten gazteengana zuzendutako beka hauen kudeaketarako. Bekek 6 hilabeteko iraupena dute. Aseguru mediko baten eta erantzukizun zibileko aseguru baten ordainketa hartzen dute barne praktika-aldian, eta ikastegian aurretik
ematen den prestakuntza-aldi batez hasten dira; ikastaro hori aukeratutako pertsonei ematen zaie, gero hartuko dituen enpresan sartu baino lehen.

ERASMUS+ mugikortasun programa goi mailako irakasle eta ikasleentzat

Programa honi esker goi mailako ikasleek FCT Modulo Profesionala oso-osorik subentzionaturik egin dezakete europar herrialde ezberdinetan. Urtero ikasleen % 15ek baino gehiagok egiten dituzte praktikak Europan, eta horrela trebetasun osagarriak garatzen dituzte, beren maila profesionala eta enpresaren mundura sartzeko aukerak hobetzen dituztelarik.

Goi Mailako Carta Erasmus

Politeknika Ikastegia Txorierrik Goi Mailako Carta Erasmus (Erasmus Charter for Higher Education 2014-2010) deritzona eskuratu du. Carta honek goi mailako hezkuntza erakundeek Erasmus+ programaren barruan Europar lankidetza proiektuak egin ahal izateko 2014-2020 bitarterako markoa definitzen du. Cartan goi mailako heziketa erakundeek Erasmus jardueretan errespetatu behar diren oinarrizko printzipio  eta gutxieneko betebeharrak zehazten dira.

Goi Mailako Carta Erasmus eskuratzerakoan agindu legez Politeknika Ikastegia Txorierrik idatzitako Erasmus Policy Statemet (EPS) atxikitzen da ondoko estekan.

Goi Mailako Carta Erasmus-i buruzko informazio gehiago >>

Ikasleak Erasmus+ mugikortasunerako aukeratzeko irizpideak >>

POLITEKNIKA TXORIERRIKO ERASMUS+ IKASLEA izan nahi baduzu bete ezazu dokumentu hau eta Nazioarteko Ardunari emaiozu

Mugikortasun programa maila ertaineko irakasleentzat eta ikasleentzat

Programa honi esker maila ertaineko ikasleek FCT Modulo Profesionala oso-osorik subentzionaturik egin dezakete europar herrialde ezberdinetako enpresetan.

Irakasleek eta zuzendaritza taldeak trukea egin dezakete Europako lanbide heziketako ikastetxeetako profesionalekin, esperientziak trukatzeko, kudeaketa formula modernoak eta pedagogia berritzaileak erabiltzen hasteko.

Berrikuntzari eta Ezagutzaren Transferentziari buruzko Proiektuak

Politeknika Txorierrik zenbait programatan kolaboratzen du nazioarteko zentroen jardunbide egokiak erakartzeko; aldi berean, beste helburu bat da bere ikasleei eta irakasleei atzerrian prestatzeko aukera eskaintzea, hala prestakuntza pertsonala nola profesionala jasotzeko. Horren bidez, gure pertsonen hezkuntza- eta prestakuntza-gaitasunak hobetu nahi ditugu, eta, hortaz, gure ikasleen enplegagarritasuna areagotu.

INNOTECS (2014-2016):

 Europako sektore teknikoa presionatuta dago, lehiakortasuna gero eta handiagoa delako mundu osoan, batez ere Asiako herrialde batzuen garapenaren eraginez, hala nola, Txina, Korea eta India. Gainera, alde batetik, herrialde askotan teknikari kualifikatuak behar dira (orain eta 6 urte barru), eta, bestetik, herrialde batzuetan ez dago lanpostu nahikorik sektore teknikoan, krisiaren eraginez. Langileek prest egon behar dute lekuz aldatzeko (atzerrira ere joateko) edo Europako beste herrialde batzuetako lankideekin batera jarduteko.

Oraingoz, ez dago LHko ikastetxe teknikoak biltzen dituen nazioarteko sarerik, erronka horiei aurre egiteko eta informazioa modu iraunkorrean konpartitzeko. Horrelako nazioarteko sarerik ez egotearen ondorioz, LHko eskola teknikoetan lan egiten duten zuzendari eta irakasleentzat zaila da hainbat alorretan lankidetzan aritzea: ikasleen trukea, enpresetako praktika-aldiak, ikasketa-plan eta azterketen garapen eta trukea, kudeaketa-esperientzia, praktika eta proiektuen trukea. Europako lanbide heziketako eskola teknikook gero eta nazioartekoagoa den sektore batentzat prestatu behar ditugu gure ikasleak, eta, hortaz, Europako industriaren ekarpena ere behar dugu, sektoreak etorkizunean izango dituen beharrak ezagutzeko.

Proiektu honen kideok “Innotecs” (eskola teknikoen nazioarteko sarea) izeneko sare bat izan nahi dugu hemendik bi urtera. Proiektuaren amaieran, 2017an, Innotecsek gutxienez 24 eskola tekniko bilduko ditu, Europako gutxienez 10 herrialdetan. Proiektuak baditu loturak nazioarteko sareen eraikuntzan eta iraupenean esperientzia handia duten EFVE (www.efvet.org), PRAXIS (www.praxisnetwork.eu) eta EUHOFA (www.euhofa.org) ekimenekin.  

INNOTECSek Europako sare tekniko liderra izan nahi du. Nazioartean jardun nahi duten eta beste ikastetxe batzuetatik ikasi nahi duten LH Teknikoko eskola guztiek sarea erabili ahal izango dute, beren nahiak betetzeko:  http://innotecs.eu/

EUCVET (2014-2016):

 European Class in Vocational Education and Training Europa mailan aitortzeko sistema bat garatzen du, ikasleen zirkulazio librea ahalbidetzeko. Hain zuzen ere, Politeknika Txorierrin Automatizazio eta Robotika Industrialaren GMHZko ikasleak hartuko ditugu helburutzat: https://www.facebook.com/Euriac/posts/843528675666105

 

QUAL4T (2013-2015):

 Quality Culture through effective instruments for Teachers and Trainers Berrikuntzaren Transferentziarako Leonardo da Vinci proiektu bat da, Europako zazpi bazkideren lankidetza duena. Proiektuaren helburua da hezkuntzaren kalitatea hobetzea, ikasleen emaitzak hobetzeko.

QUAL4T proiektuaren lankidetzak tresna praktiko eta erakargarriak eskaintzen ditu, batez ere irakasleei zuzenduak, KALITATEArekin lotutako ekintzetan eta berrikuntzetan ahalduntzeko eta inplikatzeko. QUAL4Tren Baliabideen Gidak biltzen du Europa osoko LH ikastetxeak kalitatearen alorrean inplementatzen ari diren ekimen praktiko onenen multzo zabal bat. Proiektuak pilotatze-fasea bukatu berri du Euskadin, Holanda, Italia eta Erresuma Batuan ere bukatzeaz batera. Pilotatze-programa guztien emaitzak proiektuaren webgunean argitaratu dira; QUAL4Tren behin betiko Baliabideen Gida eta Kalitatearen Gida zenbait hizkuntzatan argitaratuko dira, gaztelania barne sartuta, 2015eko irailean. Eskuragarri egongo dira eta dohainik deskargatu ahal izango dira gure webgunetik: http://www.qual4t-project.org.

TRIGGER (2013-2015):

 Trigger teachers and learners by including new skills and internationalisation in the educational programme for secondary education alderdi anitzeko Comenius proiektu bat da, helburutzat hartzen duena EBko trebetasun eta gaitasun berrien internazionalizazioa eta irakaskuntza modu eraginkorrean txertatzea DBH eta batxilergoko curriculumetan. Proiektuaren bazkideek, Europako 5 herrialdetako zentroek (Alemania, Euskadi-Politeknika Txorierri, Holanda, Norvegia eta Errumania), TRIGGER metodoa garatu dute, Europako Gaitasunen Esparru Bateratuaren jarraibideen arabera. 2014ko urritik 2015eko apirilera bitartean egin den pilotatze-prozesuaren emaitzetan oinarrituta, azkeneko bertsioak –gaztelaniara itzuliak- 2015eko irailean egongo dira prest, eta dohainik deskargatu ahal izango dira gure webgunetik: http://www.trigger-project.org.

E-DECO (2014-2016):

 Irakasleen gaitasunak garatzea coaching, ikaskuntza-ingurune eta ekinzailetzaren eremuan.

e-DECO proiektu eta prestakuntzaren helburua berrikuntzari eta jarrera ekintzaileei laguntzea da, irakasleen artean.

Irakasleak aldaketara zuzentzen dira; elkarreraginean aritzeko, teknologia eta metodo berriak integratzen dituzte, ikaskuntzaren bideratzaile gisa; gainera, ekintzailetzaren aldeko jarrera erakusten dute. Hala eta guztiz ere, irakasle batzuk ez dira eroso sentitzen planteamendu berri honekin; izan ere, sentitzen dute ez dutela ia astirik izaten beren lana eta beren irakaskuntza-metodoak prestatzeko eta egokitzeko, beren espezialitatearen eremuan.

E-DECOk prestakuntza praktikoa sortu eta eskaini du beren lana bestelako modu batean egin behar eta egin nahi duten irakasleentzat, horren bidez “ikaskuntza konprometituaren bideratzaile” bihurtu daitezen.

E-DECOren prestakuntza eta material multzoak hezitzaile-ekintzaileak izatera gonbidatzen ditu irakasleak, eta tresnak eskaintzen ditu hau ulertu eta aplikatzeko:

  • Coaching
  • E-tools
  • Berrikuntza eta jarrera ekintzailea

Materialen azkeneko bertsioa, gaztelaniara itzulia, 2015eko irailean egongo da prest eta dohainik deskargatu ahal izango da webgune honetatik: www.e-deco-project.eu

 

  • EMPLOY (Design Your Future Employability)
  •  

    Metodologia berritzaile bat garatzen du, gazte titulatuei eta lana bilatzen duten pertsonei zuzenduta; metodologia honek ahalbidetzen die XXI. mendeko lan-merkatu aldakorrean beharrezkoak eta funtsezkoak diren
    trebetasunak eta gaitasunak identifikatzea, praktikatzea eta aurkeztea. (www.employ-project.com)

    • EURIAC (European Class in Industrial Automation)

    Proiektu honek automatizazio zikoetako ikasleen mugikortasuna ahalbidetzen duen gaitasunen egiaztapen sistema bat garatzen du (www.euriac.eu)

    • FROJOL (Freestyle Montessori on the Job Learning)

    Ikasleen ardura eta autonomia garatzeko, Montesori metodologia egokitzen du Lanbide Heziketara (www.frojol-project.org)

    • Integrazio-proiektu bat

    Europako beste lau herrialderekin batera –Finlandia, Alemania, Txekiar Errepublika eta Irlanda-, 2006tik 2008ra bitartean, Politeknika Ikastegia Txorierrik CATIT proiektu pilotuan parte hartu zuen; horren helburua zen prestakuntza-ikastaro bat diseinatzea irakaskuntza teknikoen alorrean, beste kultura batzuetako ikasleekin lan egiten zuten irakasleengana zuzenduta. Proiektu horrekin jarraituz, 2009-11 ikasturteetan, Politeknika Ikastegia Txorierrik CATEL proiektua koordinatzen du. Proiektu honek CATIT prestakuntza-proiektua garatzen du, Belgika, Alemania, Estonia eta Turkian ditugun bazkide europarrekin batera, ikastaro horri e-learning formatua emanez. CATEL proiektuaren helburu nagusia da pertsona immigranteen harrera-prozesua hobetzea, eta, hortaz, haien integrazioa erraztea eskolaren eta lanaren eremuetan. Horri begira, Politeknika Ikastegia Txorierrik internet plataforma bat diseinatu eta garatzen du LHko irakasleak motibatzeko eta pertsona immigranteekin lan egiten irakasteko, ikasgelan integratzen eta beren ikasketak arrakastaz amaitzen laguntzeko (www.catelproject.net).

    • Internazionalizazioa bultzatuz

    Internazionalizazioaren alde egin dugun apustuari eutsiz, ikastegien internazionalizazioa bultzatu nahi duten bi proiektutan parte hartzen dugu, bazkide gisa:

    1. IOA2 proiektuak (International Operational Agent, 2009-2011) prestakuntza-ikastaro bat garatzen du internazionalizazioaren alorrean sartu nahi duten irakasleentzat (www.ioagent.net).
    2. INtheMC proiektuak (Internationalisation and Mobility in the students’ Curricula 2010-2012) handitu nahi du internazionalizazio- eta mugikortasun-programetan arrakastaz integratzen diren ikasleen kopurua, irakasleak prestatuz eta zuzendaritza-taldeei aholkua eskainiz (www.inthemc-project.org).
    • Ekintzailetza

    Politeknika Ikastegia Txorierrik ekintzailtza-jarduerak bultzatzen ditu zenbait plataformetatik. Horietako bat da europar proiektu hauetan dugun parte-hartzea:

    1. EISTEK proiektuak (International Educational System for Transferring Entrepreneurial Knowledge, 2010-2012) prestakuntza-ikastaro bat garatzen du, irakasleek beren enpresa-gaitasunak indartu ditzaten eta industriara gehiago orientatzen den ikuspegi bat hartu dezaten beren metodo pedagogikoetan ( www.iestek.net ).
    2. ENTRE-COACH proiektuak (Coaching Skills for Teachers to foster Entrepreneurship, 2010-2012) ekintzailetza sustatu nahi du, irakasleei coachingaren, berrikuntzaren eta enpresaren alorreko gaitasunak helaraziz (www.entre-coach.eu ).

    Alecopekin lankidetza programak Hegoamerikan

    Programa horiei esker, P.I. Txorierriko irakasleek Hegoamerikako LHko ikastetxeei zerbitzu teknikoa eta prestakuntza eskaintzeko aukera izango dute, adibidez Fe y Alegría proiektua Kolonbian.

    Eusko Jaurlaritzaren ikastetxeen arteko truke programa

    Astebeteko truke kulturalak Batxilergoko ikasleentzat. Astean zehar ikasleak familia batekin bizi dira, klaseetan eta proiektu ezberdinetan parte hartzen dute, enpresa ezberdinetara bisita egiten dute, eta beren heziketa aberasten eta osatzen duten kultura-jardueretan parte hartzen dute.

      Bilatu
    Acceso a la Intranet
    Politeknika Ikastegia TXORIERRI. Untzaga Ibaia Kalea 1, 48160 Derio - BIZKAIA
    Tlfno: 94 403 40 60  |   Fax: 94 403 40 61  |   Email:info@txorierri.net
    Q de Oro Calidad de Gestión 2006 Certificado ISO 9001 Certificado Gestión Ambiental Aenor
    © 2008, Txorierri | Lege oharra - Datuen babesa