net_entAzaroaren 6 eta 7an, Erasmus+ Networking for Entrepreneurship (NET-ENT) proiektuaren lehenengo bilera egin zen, Ljublianako SSOF Diseinurako zentroan (Eslovenia). Halaber, proiektuaren zentro koordinatzaileak ere parte hartu zuen, hots, Nova Goricako SCNG zentroak, eta baita Helsinki eta Glasgoweko unibertsitate teknikoek ere.

Azaroaren 6an, astelehena, bazkide guztiok geure zentroak aurkeztu genituen, eta azaldu genuen zer-nolako ekarpena egin diezaiekegun proiektuaren garapenari eta beraren emaitzen etorkizuneko inpaktuei. Esloveniako Agentzia nazionalaren ordezkari batek parte hartu zuen.

Azaroaren 7an, asteartea, gure ardatza izan zen parte hartzen duten irakasleei Haaga Heliako unibertsitatean –Helsinki, Finlandia- emango zaien prestakuntzaren edukia garatzea. NET-ENTk ekintzailetza sustatzeko diziplinarteko eta nazioarteko modulu bat garatuko du, hiru alderi integratuz eta garatuz: enpresa-kudeaketari eta marketinari buruzko ezagutza; diseinu grafiko eta industriala; eta produktuaren ekoizpen eta manufaktura.

Alderdi batzuk osotasun bakar batean koordinatuko dugunez, LEGO® SERIOUS PLAY® metodoan akreditatutako bideratzaile bat izango dugu, berrikuntza eta partenariatu guztiaren parte-hartzea sustatzeko.

Nazioz gaindiko hurrengo bilera 2018ko martxoan izango da, Politeknika Txorierrin.