Datorren ostegunean, otsailak 20, 2019ko ASPROMEC Sarien irabazleak aukeratuko dira Madrilen. Horren helburua da aitortzea euren zereginaren bidez –teknikoa, zuzendaritzakoa, enpresa mailakoa, dibulgaziokoa edo akademikoa- industria sektorearen garapenari ekarpen nabaria egin dioten enpresa eta erakundeen lana. Bizkaiko Derio herrian kokatutako Politeknika Txorierri ikastegia finalista izateko aukeratua izan da “Prestakuntza-bikaintasunaren” alorrean, Valladolideko zentro batekin eta Manresako beste batekin batera.

ASPROMEC Sarien antolatzailea Mekanizatuaren Lehiakortasunerako Profesionalen Elkartea da, eta bederatzi kategoriatan ematen dira: Digitalizazioa, Nazioartekotzea, Prestakuntza, Trakzio-enpresarik Onena, Espainia Marka, 4.0 Industria, Prestakuntza-bikaintasuna, Prestakuntza Duala eta Ekipamendurik Onena. Aurtengo sariak irabazteko hautagaien artean, multinazional handi batzuk daude, hala nola Dana Incorporated, FASA-Renaultekin lehiatzen dena Trakzio-enpresa Onenaren kategorian; Indra, Espainia Markaren kategoriako finalista, CIE Automotiverekin batera; edo Euskadiko CAF, Gestamp eta Tubacex, 4.0. Industriaren kategorian.

Fabrikazio mekanikoaren alorreko erreferente

Politeknika Txorierri sari hauetako finalista izateko aukeratu izana ez da kasualitatea; izan ere, sortu zenez geroztik, euskal zentro hau prestakuntzaren erreferente bat da fabrikazio mekanikoaren alorrean (Matrici enpresa, automobilgintzarako estanpazio-piezen ekoizlea, bazkide sortzaileetako bat da). Sektoreko enpresekin lankidetza estuan aritzea zentroaren identitate-ezaugarrietako bat da, AIC, Gestamp eta beste enpresa batzuekin garatutako prestakuntza-programek erakusten duten bezala; izan ere, programa horiek arrakasta handia lortu dute, eta gauza bera gertatu da langile eta langabeei emandako prestakuntza ez-arautuarekin, laneratze indize nabariak lortu baitu. Sektorearen etorkizuneko aldaketa eta garapenei aurrea hartuz –mekanizazioaren alorrean, horiek eraldaketa digitalaren bidetik datoz-, Politeknika Txorierrik, beste ikastetxe batzuekin lankidetzan, bi espezializazio programa abiatu ditu orain dela gutxi, bata trokelgintzan eta bestea fabrikazio mekanikoko planten automatizazioan. Gainera, inbertsio mardulak egin ditu bost ardatzeko mekanizazio-tailerra indartzeko. Sistema horrek pieza konplexuen lana errazten du, eta datozen urteetan garapen teknologiko sendoa izango bide du.

Politeknika Ikastegia Txorierriren 40. urteurrena

2019ko ASPROMEC Sarirako aukeraketa bat dator Politeknika Ikastegia Txorierriren sorreraren 40. urteurrenarekin. Urteurrena ospatzeko ekitaldiak urte osoan egingo dira. Ekitaldi eta topaketa horiek datozen hilabeteetan jarraituko dute, enpresa eta instituzio mailakoak uztartuz ikasleen senideekin eta ikasle ohi eta irakasleekin egingo diren ekintzekin.